Eztabaidatu dezagun

Eztabaidatu dezagun
Unai Apaolaza

Independentismoak estrategiaren inguruko eztabaida publikoa behar du. Jendeak euskal errepublikara egin beharreko bidea ezagutu eta onartu behar du eraginkorrak izan nahi badugu. Hala ere, zaila da eragile diferenteek egiten duten proposamen zehatza ezagutzea eta beraz, eztabaida eraikitzailea aurrera ateratzea. Alderdien politikan dena da lausoa.

Horregatik, ezohikoa iruditu zitzaidan pasa den apirilaren 12an NAIZ Irratian Arnaldo Otegiri egin zioten elkarrizketan Elgoibarkoak erakutsi zuen argitasuna. Ezohikoa eta eskertzekoa. Bere esanetan, euskal errepublikarako bideak hiru fase izan behar omen ditu: lehenik botere instituzionala eskuratu behar da. Ondoren, kudeaketa onaren bitartez, independentistak sortuko dira eta amaitzeko, erabakitzeko fasea letorke. Estrategia instituzional huts honek baina baditu ahulgune nabariak nire ustez.

Ahulgune nagusia, teleologia marxistaren ajea deritzodana da. Marxismo klasikoak komunismora iristeko faseak modu mekanikoan deskribatzen zituen. Lehenik jendarte premodernoak leudeke, gero jendarte modernoak, jarraian kapitalistak eta kontraesanak lehertzean, halabeharrez, jendarte komunistetara helduko ginateke. Arrakasta izan zuten iraultzek, baina, fase hauek bete ez zituztenak izan ziren. Hala ere, askapen bidea fasetan irudikatzearen ajeak mugimendu askatzaile gehienetan iraun du. Baina zer kalte ditu ikuskera horrek?

Orain dela 10 urte erabakitzeko eskubidearen fasean geundela esaten zitzaigun, ez geundela independentziarenean. Hala ere, ez ginenez ausartu erabakiak praktikara eramaten, ez genion probetxurik atera. Orain berriz, erabakitzeko fasea baino lehenagoko fase batean gaudela esaten zaigu; botere instituzionala hartzeko fasean, alegia. Horrela, faseen kontu hau aitzakia bilakatu zaigu prozesu independentistaren hasiera atzeratzeko. Egunerokoan eragiten diguten arazoen konponbide moduan euskal errepublika dela ez aipatzeko. Horrela, oharkabean, prozesu independentista behar zuena prozesu elektoral hutsa bilakatu zaigu.

Edozein prozesu askatzaileren oinarrizko araua da helburu konkretu baten aldeko nahia zabaltzea. Eta nahi independentista zabaltzeko derrigorrezkoa da prozesu independentista martxan izatea. Prozesuaren xedea hori baita funtsean; independentistak sortzea. Prozesurik gabe independentista berririk ez da sortzen. Prozesu independentistak sortu eta indartuko du subjektu independentista. Horregatik, independentismoak independentziaren fasean ez dagoela badio, harriak bere teilatura botatzen ariko litzateke.

EH Bilduren hauteskunde emaitzak ikusita esan lezake batek baino gehiagok Arnaldoren bideak funtzionatzen duela. Ez nago ados. Baieztapen horrek bitartekoa helburuarekin nahasten duela iruditzen zait. Azken hamarkada honetan egin diren inkesta diferenteek EH Bilduk bototan gora egin duen erritmo berean independentzia nahia apaldu dela diosku. Zergatik? Gramsci jarraituz, hegemonia kulturala jorratu beharrean hegemonia kuantitatiboari begiratu diogulako. Beste modu batera, helburua ez da izan independentzia edo askapen nahia zabaltzea, helburua, EH Bilduk botoetan gora egitea izan da. Bitartekoa helburu bilakatu zaigu, beraz. Eta horrek EH Bildu gurpil zoro batean sartu duela uste dut: hegemonia elektorala bilatzeko aldatu nahi omen den normalkeriaren diskurtsora gerturatu da eta aurrerantzean botoetan gora egiten segitzeko oraindik eta gehiago gerturatu beharko da normalkeria horretara.

Historiak ere Arnaldok planteaturiko faseen bideak ez duela balio diosku. Hau hobeto azaltzeko nire ustez oso pertinenteak diren hiru adibide jarriko ditut. Eurokomunismoa gauzen egoera aldatzeko marraztu zen estrategia soilik elektoral/instituzionala izan zen. PCIren kasuak, adibidez, baditu gurekin paralelismoak. Europa mendebaldeko alderdi komunistarik sendoena izan zen. Jendartean sedimentazio zabala zuena. 1976ko hauteskundeetan botoen %34 atera zuten. Hala ere, igo ziren modu berean ondoratu ziren.

Podemos alderdiarekin segituko dugu. Podemosek bere burua hauteskundetarako gerra makinaria bezala definitu zuen. Helburua gero eta boto gehiago izatea zen. Estatu mailan oso emaitza onak atera zituen eta Hego Euskal Herrian lehenengo indarra izatera iritsi zen. Hala ere, kasu honetan ere, igo zen abiadura berean egin zuen behera.

Bukatzeko, EH Bildurekin antzekotasun nabariak dituen ERCrekin jarraituko dugu. Gogoratu Arnaldoren bideak, 2. fasean, kudeaketa onaren ondorioz independentistak sortuko ditugula dioskula. Hala ere, kudeaketa hutsaren bitartez oinarri independentista zabaltzea ez da gertatu Katalunian. Justu kontrara, independentzia nahiak beherantz egin du ERC Generalitatean egon den tartean. Orduan, zer irakasgai atera ditzakegu hiru adibide hauetatik?

Lehenengo bi adibideek erakusten digutena da helburu nagusia botoetan gora egitea bada, aldatu nahiko genukeen normalkeriaren diskurtsora gerturatzen garela eta hasiera batean nahiz eta gora egin botoetan, epe ertainera beherantz joango garela. ERCren adibideak, berriz, erakusten digu kudeaketa hutsak, nahiz eta besteena baino hobea izan, indarrean dagoen markoa indartzen duela. Eta beraz, independentistak sortu beharrean momentuko markoari atxikimendua handitzen duela. Konturatu behar dugu ere, hasiera batean jende askok alderdi hauei botoa gauzen egoera apurtuko zutela uste zutelako eman ziela. Ikusterakoan ez zirela horretarako gai edo ez zirela atrebitzen botoa emateari utzi zioten. Aldamenean aldebakarreko prozesu independentista ez duen estrategia elektoral hutsa trapuzko hankak dituen elefantea da.

Hala ere, eta Arnaldok aipatutako 3. fasera helduko bagina, erabakitzekora, fase hori ezinezko batean oinarritzen dela konturatuko ginateke; Espainiak ez baitu autodeterminazio eskubidea sekula onartuko. Gainera, jendartearen gehiengo oso zabalak badakienez hori ez dela gertatuko, ez luke aktibazio herritarrik sortuko. Independentzia nahia zabaldu nahi bada bideak sinesgarria izan behar baitu. Hau guztiagatik, Arnaldok proposaturiko hiru faseen estrategiak independentismoaren indargabetzera garamatzala uste dut. Lau edo zortzi urte barru subjektu elektoralak subjektu askatzailea ordezkatzera eramango duen bidea da hori. Pazientziak estrategiarekiko adostasuna behar du.

Esan bezala, bide egokiak independentistak sortzea izan behar du helburu nagusitzat, ez botoak lortzea. Independentismoak duen egitekorik urgenteena aldebakarreko konfrontazioa noiz, non eta nola sortuko duen erabakitzea da. Jendarteari euskal errepublika posible dela sinestarazten dion bidea eskaini behar dio. Aldebakartasuna lehenesteak badu bertute hori, aldebikotasun hutsak, aldiz, ez. Bide horretatik ere etorriko zaizkigu erradikalizatutako gehiengo elektoralak. Igo dezagun eztabaidaren maila, beraz. Sapere aude.

 

* Unai Apaolaza Filosofia irakaslea da

Fuente
https://www.naiz.eus/
Categoría
Etiquetas