Jose Mari Esparza: "Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza
Reyes Ilintxeta
Entrevista a
Jose Mari Esparza

Jose Mari Esparza Zabalegi. Tafalla, 1951

Editore, idazle eta ekintzaile gorri eta independentista. 1980an Tafallako historiari buruzko lehen lanak argitaratu zituen, eta José María Jimeno Juríorekin elkarlanean aritu zen eskualdeko ikerketetan. 1985ean Altaffaylla Kultur Taldea sortu zuen hainbat lankiderekin memoria historikoa lantzeko. 1988tik Txalaparta argitaletxeko zuzendari eta editore izan da berriki arte. Beste elkarteren artean, Nafarroako Ondarearen defentsarako plataformako sortzaileetako bat izan da. Ehunka artikulu eta 30 liburu inguru idatzi ditu bakarka edo beste egilerekin batera. Esaterako, Navarra 1936. De la Esperanza al Terror  (Nafarroa 1936. Itxaropenetik izura), memoria historikoaren lan mugarria.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Jose Mari Esparza Zabalegi. Tafalla, 1951

Editore, idazle eta ekintzaile gorri eta independentista. 1980an Tafallako historiari buruzko lehen lanak argitaratu zituen, eta José María Jimeno Juríorekin elkarlanean aritu zen eskualdeko ikerketetan. 1985ean Altaffaylla Kultur Taldea sortu zuen hainbat lankiderekin memoria historikoa lantzeko. 1988tik Txalaparta argitaletxeko zuzendari eta editore izan da berriki arte. Beste elkarteren artean, Nafarroako Ondarearen defentsarako plataformako sortzaileetako bat izan da. Ehunka artikulu eta 30 liburu inguru idatzi ditu bakarka edo beste egilerekin batera. Esaterako, Navarra 1936. De la Esperanza al Terror  (Nafarroa 1936. Itxaropenetik izura), memoria historikoaren lan mugarria.

Zer moduz zaude?
Ni ondo eta amiantoa hobeto, omen.

Ekintzaile sutsu, gorri eta independentista izan zara beti eta oso gazte hasi zinen borrokan. Nola eta zergatik?
Tafallan jaio, bizi eta lan egin izan dut bizitza osoan. Gurea mota askotako muga lekua da: Ager eta Saltus Vasconum artekoa; hizkuntza-muga; harriaren eta adobearen arteko muga; olibondoa (Olibardia) eta iratzea (Iratxeta) musukatzen diren lekua; muga militarra, bai arabiarrekin, bai liberalekin XIX. mendean, eta gaur egun baita muga politikoa ere: NATOri bai ala ez esan zietenen arteko muga izan zen eta orain legealdi honetan, aurrekoan bezala, EH Bilduko alkatea dugu Tafallan.

Nire aitona-amona gaztetan jornalariak izan ziren eta harriak botatzera atera behar izan zuten komunalak defendatzeko. Gero Ameriketara emigrante moduan joan eta, zorionez, itzuli egin ziren, bestela ni orain tangoak kantatzen ariko nintzen. Haiei esker gertu izan nituen errepublikaren eta 1936an piztu zen errepresio handiaren oroitzapenak. Aitona-amonek ezkerreko memoria historikoa transmititu zidaten haien kontakizunekin.

Bestalde, ez dut urruti izan euskal kultura, nire herrian beti egon delako korronte euskaltzale bat. Umetan, Aralarko Aingerua etortzen zenean, "Mikel, Mikel gurea / Gorde, gorde / Euskal Herria" kantarazten ziguten. Ez genekien zer zen hura. Latina zela uste genuen. Gero 14 urterekin dantza talde batean sartu nintzen neska baten atzetik, baina neskatxa atera egin zen eta ni geratu. Euskal kulturan betiko gelditu eta euskara hasi nintzen ikasten.

Iruñeko Salestarren ikastetxean ikasi ondoren, 17 urterekin Luzuriaga fundizioan sartu nintzen eta han 20 urtez aritu nintzen lanean eta sindikalgintzan. 1.200 langileko lantegi horretako langileria berria eta indartsua zen eta frankismoaren aurkako erakundeak ezagutu genituen. ETAk liluratu egin gintuen eta fitxategi mental osoa berrantolatu zitzaigun: bat-batean ezkertiarrak, errepublikarrak eta abertzaleak ginen, dena batera eta banaezina.

Egia esan, nire familiaren historia oso ohikoa da bertako jende xumearen artean: birraitona-amona karlistak; aitona-amona komuneroak eta ugetistak; frankismoak isilarazitako gurasoak; eta gu, abertzaleak.

Enpresari eta intelektual bilakatu zinen fabrikan 20 urte aritu ondoren…
Bai, gehien gorrotatzen nituen bi figurak. Fabrikako sindikalista eta langile talde batek Altaffaylla Kultur Taldea sortu genuen. Gure lehen lana, Navarra 1936. De la Esperanza al Terror (Nafarroa 1936. Itxaropenetik izura) izan zen, gerora Nafarroan memoria historikoan erreferentea izan den lan itzela. Erakutsi genuen langileek errelatoa kontatzeko tresnak sortzen ahal zituztela eta oso harro sentitzen ginen horregatik. Ez da itxaron behar intelektualek edo unibertsitateek gure memoria berreskuratu arte: geuk egin behar dugu.

“’Navarra 1936. De la Esperanza al Terror’ lanarekin erakutsi genuen langileek errelatoa kontatzeko tresnak sortzen ahal zituztela eta oso harro sentitzen ginen horregatik”

Gerora Txalaparta argitaletxea hartu genuenean gure historiaren azken ehun urteei buruzko lan entziklopedikoak hasi ginen plazaratzen. Ondoren Euskal Memoria Fundazioa sortu genuen helburu berarekin, Euskal Herri osoko datuak biltzeko. Memoria borroka esparru bat da. Hau izan da beti gure lanik garrantzitsuena eta herri gutxitan egin dena. Munduko beste editore askorekin egon gara eta ikusten dutenean gure 50 liburukitako euskal borrokari buruzko lan entziklopedikoa, harrituta gelditzen dira.

Txalapartak aurten 35 urte bete ditu. Nolako izan da bere bidea?
Txalapartarekin fabrikan genituen sentimendu sozietario eta sozialistak edizioaren mundura ekarri ditugu. 1.500 liburu inguru kaleratu ditugu 35 urte hauetan, eta irabazi dugun guztia berriro inbertitu dugu proiektu berrietan. Azkena, Iruñekoa, sukurtsal bat da. Hori argi utzi behar da. Tafallan ditugu sorlekua, egoitza ofiziala eta biltegia. Eta pozik nago oso jende ona eta militantea dagoelako lanean, guk genuen izpiritu berdinarekin lanean ari dena.

Editore berriei gai guztiez hitz egin eta eztabaidatu behar dela esaten diet. Eta ihes egin behar dugula “politikoki zuzena” den pentsamoldetik edota ideologia menperatzailetik, goiko klasearen ideologia delako, Marxek zioen bezala. Gaur egun gai tabu asko daude gure artean. Feminismoaz, migrazio masiboaz, ETAren paper historikoaz, Ukrainako gerraz edota Euskal Herriko jaiotze tasa urriaren zergatiaz eztabaidatu behar da libreki, diskurtso menderatzaileari men egin gabe.

Agian hori zaila da titularren garaian bizi garelako, ideietan sakontzeko aukerarik gabe?
Jakina. Hori da daukagun arazorik handiena: gazteak galtzen ari dira gai batean sakontzeko eta 300 orriko liburu bat irakurtzeko gaitasuna. Hori kezkagarria da. Liburuak ez dira soilik denbora pasak, baizik eta ariketa mental bat eta ahalmen hori ez baduzu garatzen atrofiatzen da, giharrak bezala. Liburu baten sakontasunean sartzeko gauza ez bazara, zure pentsamendua arinkeriatan gelditu da eta orduan sloganak irabaziko du beti. Eta sloganak egiteko sistema kapitalistak baliabide handiagoak dauzka. Gainera oso onak dira ezkerreko ideiak bereganatzen eta orain denak dira ekologistak, feministak, bakezaleak, humanistak eta aurrerakoiak. Oso zaila dugu eta uste dut munduko editore berriek izugarrizko erronka dutela behar diren liburuak argitaratzeko.

"Euskal Herriari dagokionez, epe ertainera ezkor nago. Txikiegiak gara eta, gainera, ez dugu tresnarik datozen aldaketak kudeatzeko”

Bataila hori galtzen ari gara? Gizakiok nora goaz?
Ni oso ezkor nago. Agian nire gaixotasunagatik izango da, baina ezin dut saihestu mundua begirada mesianiko samarrarekin ikustea. Jada ez gaude geure burua engainatzeko. Ni harrituta nago Gazan gertatzen ari denarekin, adibidez. Ez nuen uste halakorik inoiz ikusiko nuenik. Baina okerrena da mundu guztia ikusten ari dela zuzenean telebistan eta ikaragarria dela nola ohitzen ari garen hori ikustera. Honetan guztian bada mezu subliminal bat: hau da sistemaren aurka altxatzen diren guziei gertatuko zaiena. Gerta daiteke eta, izan ere, gertatzen ari da. Oso gogorra da. Eta ezkerra oso ahul dago. Nire itxaropena da NATO garaitua izatea Ukrainan edota edonon, AEB gainbeheran etortzea eta mundu multipolar bat sortzea non langileek eta herri txikiek beste motatako zirrikituak bilatzeko aukerak izan ditzakegun hurrengo utopiak altxatzeko. Baina orain ez dugu, [Txabi] Etxebarrietak zioen moduan, aldeko haizerik.

Eta Euskal Herriari begira?
Euskal Herriari dagokionez, epe ertainera, are ezkorrago nago. Txikiegiak gara eta, gainera, ez dugu tresnarik datozen aldaketak kudeatzeko. Europako jaiotza-tasarik baxuena duen herria gara. Nolabait esateko, desagertzen ari den herria da gurea. Hori bai, beste biztanle batzuek ordezkatuko dute, gizon zuriek indiarrak Amerikan ordezkatu zituzten bezala. Jakina, beti geratuko da siouxen hizkuntza hitz egiten duen taldetxo bat, edo euskara, eta pilotan jokatuko duena, turisten gozamenerako. Iparraldean hori gertatzen ari da jadanik.

Kultura-aniztasuna deritzona eliteek eragindako tranpa bat da, gizabanako mota bakarra nahi dutelako: kontsumista eta langile prekarioa. Eta ‘Anaia Handia’ globalari lotuta, telefono mugikorraren eta kultura anglosaxoiaren bidez. Tradizioa, familia, sindikatuak, hizkuntzak, memoria, sinismenak, nazioak, etniak… azken batean gizarte-kohesioa eragiten duen gauza guztiak, soberan daude sistemarentzat.

Gogoan dut beti lagun batek, André Schiffrin AEBetako editore handiak, aniztasunari buruz zioen esaldia: “Koloretako arrain-ontzi batetik arrain-zopa bat egin daiteke; baina oso zaila da alderantziz egitea”. Eta milaka arrain ezberdin zituen mundu bat ezagutu dugu, horietako bat euskalduna. Proposatzen diguten kultura-aniztasuna arrain-zopa da.

"Euskal Herriak pizgarri handi bat behar du. Konbultsio sozial, politiko eta kulturaleko aro berri bat, XIX. mendearen amaieran gertatu zen bezala edo gure belaunaldiak 1958tik aurrera bizi izan zuena"

Euskal Herriak pizgarri handi bat behar du. Konbultsio sozial, politiko eta kulturaleko aro berri bat, XIX. mendearen amaieran gertatu zen bezala edo gure belaunaldiak 1958tik aurrera bizi izan zuena. Euskaldunek bizirik iraun dute beti beren askatasunaren, kulturaren eta hizkuntzaren alde borrokatu direlako. Normalean korrontearen kontra. Euskaldun belaunaldi berriak konformismoaren eta ideologia nagusiaren mende geratuko balira desagertuko ginateke. Xahoren amesgaiztoa beteko litzateke eta norbaitek munduko atlasean idatziko zuen: "Hemen Baskonia izan zen".

Borroka egin beharra transmititu nahi dut. Zerbait berria sortuko da. Beti sortu da.

Elizak bere izenean immatrikulatutako ondarearen defentsan lan handia egin duzu. Nola doa bataila hori?
Hori da nik ezagutu dudan eskandalurik handiena. Nafarroatik lortu genuen Euskal Herriko eta estatu osoko historiako lapurreta handi hori agerian uztea. Herriek eraikitako ondare erlijioso-dotazional guztia, etxeak, lursailak, hilerriak, frontoiak haien izenean immatrikulatu dituzte. Mundu guztiak arrazoia eman digu, baita Europak ere, baina, nahiz eta hauteskunde kanpainan ondare hori berreskuratzeko promesak egin, PSOEk, beste behin, Cervantesena egitea erabaki du: "Elizarekin egin dugu topo".

Gehien harritzen nauena zera da, gotzainei eskua bragetan sartzeko gai izan garela (pederastiaren gaiarekin), baina inor ez da gai izan eskua min gehien ematen dien lekuan sartzeko, poltsikoan, alegia. Nafarroan behintzat borrokarako tresna batzuk utzi ditugu (herri plataforma, udal batzordea, parlamentuko akordioak...), baina Euskal Herriko gainerako lurraldeetan badirudi ez diotela garrantzi handirik ematen. Atzo bertan Gipuzkoako alkate batek idatzi zidan, laguntza eta aholkularitza eskatuz.

Premiazkoa da plataforma nazional bat izatea, inplikatutako erakundeak eta herritarren mugimendua bilduko dituena, aholkuak emateko, mobilizatzeko eta auziak egiteko, lapurtutako guztia berreskuratu arte.

Zure azken liburuan Gernikako Arbola kanta defendatzen duzu Euskal Herriko ereserki moduan. Zergatik?    
Arrazoi askorengatik. Zorri-memoria duen herrialdea gara. Gero eta despistatuago eta zatituago gabiltza 1981eko haustura instituzionalaren ondoren. Baskongadoak eroso bizi dira beren estatus politikoarekin, haiek “Euskadi” dira, inork ez die ukatzen "euskaldun" direla, ikurrina dute... Eta askok ahaztu egiten dute zazpi probintzia garela. Horregatik atera da ekimen hau bereziki Nafarroa, Iparraldea eta diasporatik, gure lurraldetasunaren zentzua biziago mantentzen delako. Euskal Herriko historialari guztiak ados daude gure askatasunen benetako ereserkia dela esatean.

Gernikako Arbola-k epika du, isuritako odola, antzinako borroken historia, Gallartako edo Eibarko langileengandik hasi eta Guardia Zibilak eginiko Donostiako sarraskiraino. Batzuek diote erlijiosoa dela, jatorria zein den jakin gabe, eta lehen sozialistetatik hasi eta lehen ETAraino denek aitortu dute ereserkirik laikoena eta internazionalistena dela. Eta, adibidez, Nafarroako Erriberan gehien abestu den euskarazko abestia izan da. Anarkistek ere esperantora itzuli zuten, ereserki libertario gisa. Ereserkiak egin zuen Gernikako Arbola euskaldun guztientzako ikur, eta horrek bonba faxisten dianan jarri zuen. Beraz, daukagun sinbolorik internazionalistena da.

GERNIKAKO ARBOLA
"Batzuek diote erlijiosoa dela, jatorria zein den jakin gabe, eta lehen sozialistetatik hasi eta lehen ETAraino denek aitortu dute ereserkirik laikoena eta internazionalistena dela"

Bitxiena zera da, alderdi abertzale guztiek etengabe hitz egiten dutela "naziogintza" gauzatzeari buruz, eta 1853az geroztik himno nazionaltzat hartu izan dena, lurralde guztietan eta korronte politiko guztietan, kantatzeko proposamen zehatz bat dagoenean, batzuk beste alde batera begiratzen hasten dira. Izan ere, proposamen berri asko egon daitezke, eta ez dezagun ahaztu [Ricardo] García Danboreneak berak ere Desde Santurce a Bilbao himnotzat proposatu zuela Eusko Legebiltzarrean.    
Ezjakintasunetik bakarrik utz dezakegu 170 urteko ereserki nazionala izandakoa. Irulegiko eskua zabortegira botatzea bezala litzateke.

Orain, zertan ari zara lanean?
Zorionez, denbora izan dut gauzak txukun uzteko. Urteak lanean neramatzan bi liburu bukatu ahal izan ditut. Bata, Imago Vasconiae, Euskal Herriko lehen atlas historikoa. Harro geratzeko moduko lana da. Bestea, Zumalakarregi eta garaiko euskal independentismoari buruzkoa. Gero, kudeatu dudan guztiaren eskualdaketa dago: enpresak, fundazioak, elkarteak, artxiboak... Tartean oraindik mendira joaten naiz, lagunekin abesten dut, eta aitarengandik eta aitonarengandik jasota eta soberan dudan umore beltza kudeatzen dut. Euskal Herriak oso zoriontsu egin nau. Banoa pozik.

"Amiantoa dela eta, kimioterapia saioen eta testamentuen artean, pankarta hartzera behartu naute berriro ere”

Dena den, zailtasunak badituzu eta azken unera arte borrokan zabiltza, ezta?
Ez nuen uste azken momentuan eta hain gertutik ikusiko nuela kapitalismoaren aurpegirik itsusiena. Amiantoaren borroka honetan Euskal Herrian milaka pertsona hiltzen ari dira kutsatuta, jakin gabe arrazoia dela amiantoak eragindako lan gaixotasun bat.

Taktika oso sinplea da: denbora pasatzen uztea, kaltetuak hiltzen joan daitezen eta ezin izan dezaten auzirik abiarazi. Horrela, Gizarte Segurantzak nire enpresa zaharrari eskatzen dio egiaztatzeko nik 20 urtez lan egin dudala bertan (nahiz eta hori jasota dagoen nire lan-bizitzan), eta enpresak hiru hilabete pasata erantzun die ez nautela ezertaz ezagutzen. Eskandalu bat da. Eta hori niri egiten badidate, mundu guztiak ezagutzen nauela, oraindik ondo nagoela, eta hori salatzeko baliabideak baditudala, zer ez diete egingo adin gehiago, osasun gutxiago eta baliabide urriago dituzten lankide-ohi askori? Amiantoaren arazoan bidegabekeria handia eta kriminal solte asko daude.

Beraz, azken txanpan, lasai egon ordez, nire sindikalista jatorrira itzultzera behartu naute. Kimioterapia saioen eta testamentuen artean, pankarta hartzera behartuta berriro ere. Madarikatuak izan daitezela!

Fuente
https://www.argia.eus
Categoría